“Trump izan daiteke 2025-eko AEB-etan, Hitlet 1933ko Alemanian izan zena”

“ASKO KEZKATZEN NAU DEPORTAZIO MASIBOEN MEHATXUAK ETA HORREK LATINOAMERIKAN IZAN DITZAKEEN ONDORIOAK. FAMILIA-BIDALKETAK DIRA HERRIALDE HORIETAKO MILIOIKA PERTSONAREN DIRU-ITURRI BAKARRA”

UDEFEGUA Guatemalako giza eskubideen aldeko erakundearen koordinatzaile nagusia da JORGE SANTOS. Berarekin hitz egin dugu, Donald Trumpek AEBetan lortutako garaipenak beraientzat zer suposatu duen jakiteko. Agindu errepublikanoko  4 urte hauen aurrean kezkatuta dauden eta Latinoamerikako herrialdeetan nola eragingo duen galdetu diogu.

Trumpen garaipena ez zen ezustekoa izan Jorge Santosentzat. Esan digunez, Joe Bidenek Kamala Harrisen aldeko lasterketa presidentzialetik aldendu zenetik, inkestak ondo aztertuta, ikusten zituzten gertatuko zena iragartzen zieten zenbait adierazle.

Jorge Santos, director de UDEFEGUA

Agian Europan gehiago harritu garela aipatu dugu. Milaka kilometrotara egonda, kosta egiten zaigu Trumpek milioika lagunen konfiantza irabaztea lortu duela ulertzea, bereziki herritarren eta komunitate afroamerikar eta latinoen botoa bereganatuz.  Alderdi errepublikanoari latinoak emandako babesaren zergatia ulertzeko gako batzuk eman dizkigu Jorgek.

“Latindar askok nahiago dute gizonezko, zuri, trajedun bati botoa eman, emakume, beltz eta abortuaren defendatzaile bati baino”

“Tamalez, herrialde hauetan oso kultura demokratiko gutxi daukagu” Erdialdeko Amerikan, adibidez, askoz zabalagoak izan dira autoritarismo eta indarkeria guneak, demokrazia eta bakearenak baino. “Latindar asko erosoago sentitzen dira gizon zuri, trajedun, printzipio kontserbadoredun… bati botoa ematen, abortuaren eta eskubide sozialen defendatzaile irmoa den koloreko emakume bati baino. Zoritxarrez, hemen ohituago gaude lehena edukitzera”.

Bestalde, komunitate latinoak AEBetan bizitzeko arrazoi    nagusia ekonomikoa dela gogorarazten digu Santosek. Pobreziatik ihesi joan ziren herrialde horretara, bizitza hobe baten bila, eta Trump aberastasuna eta hazkunde ekonomikoa agintzen ari zaie.”Uste dut, gainera, jada legezkoa den latinoa, amerikar hiritar egin zena, bere espazioa babestu nahian ari dela. Ez dute konpartitu nahi iritsi daitezkeenberriekin,hainbesteko ahaleginarekin lortutako posizio hori”.

“Deportazioen mehatxuaren ondorioz, baliteke migratzaile askok beldurra izatea osasun zentroetara joateko, edo haurrak eskolara bidaltzeari uztea”

Deportazio masiboen mehatxuen aurrean, ezkor agertu da Jorge. Egia da, aurreko ekitaldian, Trumpek ez zituela kanpainan agindutako kanporatzeak gauzatu. Legealdi hartako laguntzaileek ez zioten utzi. Baina oraingo honetan ezberdina dela azpimarratu du Santosek. Bere ustez, esperientzia gehiagorekin eta egoera hobean iritsi da. Alderdi errepublikanoa batuago dago haren inguruan, eta bere konfiantzazko piezez inguratzeko baimena ematen ari zaio. Pixkanaka, egindako  izendapenak ezagutzen ari gara, eta ez dago baikortasunerako motiborik. “Ez dut alarmista izan nahi, baina uste dut Trump izan daitekeela 2025eko AEBetan, Hitler 1933ko Alemanian izan zena. Apurka-apurka boterea handitzen ari den pertsonaia. Ez dut uste 12 milioi pertsona automatikoki deportatzera ausartuko denik, baina norabide horretan mugimendu esanguratsuak egingo dituela uste dut.”

Kanporatze horien mehatxuak izugarri kezkatzen du Jorge, legez kanpoko migratzaileen giza eskubideak urratzen dituzten fenomenoak eragin ditzakeelako. Beldur da askok osasun etxeetara joateari utziko dioten edo haurrak eskolara bidaliko ez dituzten, aurkituak eta deportatuak izateko beldurrez.

“Guatemalan dibisa gehiago sartzen dira familia bidalketen bidez azukre kanaberaren, kafearen edo kardamomoaren esportazioekin baino. Eredu ekonomiko hori ez da jasangarria”

AEBetako migrazio politikak gogortzeak Amerikako herrialde latinoen ekonomietan izan dezakeen eragin ezkorra  da aktibistak aintzat hartzen duen beste puntuetako bat. “Iparraldean lanean ari diren senideen dirua iristen ez bada, jatorrizko herrialdeetan arazo larria izango dugu”.

Jar dezagun Guatemalako adibidea. Haien ekonomia, neurri handi batean, familia diru bidalketa horien mende dago.  Diru bidalketa horiek nabarmen handitu dira azken urteetan gainera. “Hor ikusten duzu gure eredu ekonomikoaren porrota. Gure herrialdean, dibisa gehiago sartzen dira familia bidalketengatik azukre-kanabera, kafea, kardamomoa edo banana esportazioengatik baino, Guatemalako esportazio-elementu nagusiak izanik”. ADEFAGUAn esku artean dituzten datuen arabera, Erdialdeko Amerikako herrialde horretan milioi eta erdi pertsona muturreko pobrezian bizitzea saihesten ari dira bidalketak.

“Herriei dagokigu politika horiei amaiera ematea”

Baina aktibistaren iritziz, paradoxikoki, horrek guztiak ere alde ona izan dezake. “Diru hori gabe, protesta bat eta nazka eta nekadura mugimendu bat eragingo dituen krisia sortu daiteke, gutxi batzuk aberastu eta gehiengoa txirotasunean murgiltzen dituen eredu hori betiko baztertuz”

Izan ere, Jorgeren esanetan, herriek bakarrik geldiarazi ahal izango dute politika kontserbadore horien hazkundea mundu osoan. Bere ustez, mugimendu hori eragin handia izaten ari da giza eskubideen urraketan eta klima aldaketak eragindako bizi-baldintzen okerragotzean. “Egoera honen aurrean, iparraldeko eta hegoaldeko herriei dagokigu elkartzea, hitz egitea eta indarrak batzea guztiontzako alternatiba jasangarriagoak eta gizatiarragoak bilatzeko”