Beldurrak ezin izan du suntsitu ni naizena

Aranza Santos El Salvadorreko trans aktibistak lasaitasunetik kontatzen duenez, beldurrak ez du lortu bere nortasuna suntsitzea, “egiten duzun guztia menperatzearaino barrutik jaten zaituen arren”.

Duela hilabete batzuk El Salvadorretik alde egin behar izan zuen, bazekielako bertan geratzeak askatasunaren galera ekar ziezaiokeela. LGTBI pertsonen eskubideen defentsa publikoan aritzeak El Salvadorko agintarien jomugan kokatu zuen. Gaur egun Euskal Herrian bizi da, Giza Eskubideen Defendatzaileak Babesteko Euskal Programak babestuta, baina beldurrak berarekin bidaiatu zuela onartzen du.

Hauxe da bere istorioa:


“Antzeko kasurik ezagutu gabe ere, txikitan banekien emakumea nintzela eta hala jokatzen nuen”.

Aranzaren kontakizuna entzutea ikaragarria da. 28 urte ditu, eta indarkeria eta diskriminazio ugari jasan behar izan ditu: lehenik, familiaren aldetik, irakasleen eta bizilagunen aldetik, eta, ondoren, gaizkileen eta poliziaren beraren aldetik.

Betidanik jakin izan du neskato bat zela, gogoratzen duenetik. Transexualitateari buruzko erreferentziarik izan gabe ere. 8 urte bete arte, bere izaera modu guztiz naturalean bizi izan zuen, baina dena aldatu zen amak eskolatik dei bat jaso zuen egunean, bere semea neskekin gehiago jolasten zela eta bere portaerak femeninoegiak zirela ohartaraziz. “Une hartan, sekulako talka izan nuen, emakume nintzela uste bainuen, eta ez nuen ulertzen zergatik haserretzen ziren, ez zidaten gonarik jartzen uzten, ezta ile luzea izaten ere. Amari galdetzen nion, baina berak ezin zidan erantzun garbirik eman, berak ez zekien zer esan. Bere ezjakintasunetik ere, baldintzarik gabe babestu ninduen. Tamalez 11 urte besterik ez nituenean galdu nuen, eta hor hasi zen senide ez hain ulerkorrekin egindako joan-etorrien kalbarioa”

Gogoan du nola anaiek eta aitak eskatzen zioten, mesedez, horrela jokatzeari uzteko, berataz lotsatzen zirelako. Amonak elizara eraman eta han erakusten zuen, Jainkoak beraiek “akats” tzat jotzen zutena zuzenduko zuelakoan. “Eliztar guztiek jartzen zidaten eskua buruan eta otoitz egiten zuten nigatik. Nire amonak negar egiten zuen… ikuskizun ikaragarria zen. Orduan nik gaixoarena egiten nuen amonak “goazen elizara” esaten zidan bakoitzean.”

“15 urterekin Internet bidez ni bezalako emakume gehiago daudela jakiten nuenean BOOM bat sentitu nuen!”

Nerabezaroko barne-borrokak eta identitate-krisiak desagertu egin ziren 15 urterekin Interneterako sarbidea izan zuenean eta Mexikon eta Espainian trans emakumeen kasuak bazeudela aurkitu zituenean. “Orduan Boom bat sentitu nuen! Ni bezalako jende gehiago dago. Ez nago gaizki, ez da arraroa nik sentitzen dudana, ez da arraroa gertatzen ari zaidana. Bai! Eta hor hasten naiz nire emozioak gehiago irekitzen, pixka bat gehiago irekitzen maskulino bitarretik femenino bitarrera igarotzeari, eta ilea, azazkalak hazten uzten hasten naiz, nire lehengusinen gauzei distiratsuak jazten hasi nintzen, beraiek ere laguntzen baitzidaten…”

Trantsizioa handik gutxira hasi zen. Hormonak hartzen hasi zen, anpoilak lapurtuz bere ikasketa praktikak egiten zituen osasun-zentruan gero lehengusinak etxean injektatzeko. Medikuaren kontrolik gabe, informaziorik gabe, bermerik gabe… ezer ez.

Trantsizioarekin batera beste arazo mota batzuk etorri ziren, hala nola lana aurkitzeko ezintasuna eta berriz ere diskriminazioa, indarkeria eta beldurra. “Une hartan gazkile taldeen mugimendua oso arriskutsua zen El Salvadorren. Benetako beldurra sentitu nuen. Heriotza-mehatxuak eta sexu-eraso larri bat ere jasan nituen. Emakume gisa, kalean zaurgarritasun izugarria duzula sentitzen hasten zara. Beldurra ematen zidan gauez kaletik ibiltzeak, 7etarako etxeratzen nintzen beranduenik, beldurgarria zen”.

Beldurrak ezin izan du suntsitu ni naizena
Aranza Harrotasunaren Martxan San Salvadorren. Berak emandako argazkia

“El Salvadorren poliziak zugan arreta jartzen badu, badakizu zeozer gertatuko zaizula”.

Aktibismoa ia modu naturalean iritsi zen. 2021ean hezitzaile gisa hasi zen lanean, LGTBI pertsonen eskubideak defendatzen zituen erakunde batean. Lehenik, GIBa prebenitzeko programetan parte hartu zuen, eta, pixkanaka, erantzukizun handiagoak hartu zituen bere gain.

Bere inplikazioa bere presentzia publikoaren erritmo berean hazten joan zen. Komunikabideetan eta prentsaurrekoetan parte hartzen hasi zen, Nayib Bukeleren gobernupean giza eskubideek atzera egin zutela salatuz. Orduan hasi ziren errepresaliak eta poliziaren jazarpena. Gorputz uniformedunek zelatatu eta argazkiak ateratzen zizkiotela sentitzen hasi zen.

“Ez dut aurrekari penalik, ez dut inoiz deliturik egin. El Salvadorren poliziak zugan arreta jartzen badu, badakizu zerbait gertatuko zaizula”, azaltzen du. 2022tik indarrean dagoen salbuespen-erregimenarekin edozein ahots kritiko muntatutako salaketen bidez atxilotua izan daitekela dio Aranzak. “Beldurra ezartzen dizute isiltzeko. Eta lortzen dute. Nik elkarrizketak emateari utzi nion, ziur bainengoen hurrengoan atxilotu egingo nindutela”.

Beldurrak ezin izan du suntsitu ni naizena
Aranzak ekarritako irudia

El Salvadorren zintzook alde egin behar izan dugu eta gaiztoak geratzen dira, oso bidegabea da.

Babestu beharko luketen horiek salatzea ezinezkoa zenez, herrialdetik alde egiteko bide baten bila hasi zen. Mugen Gainetiken bidez, Giza Eskubideen Defendatzaileak Babesteko Euskal Programa existitzen zela jakin zuenean iritsi zen aukera, eta hainbat hilabeteko izapideen ondoren lortu zuen programan sartzea.

Orain Euskal Herrian bizi da, eta hemendik ere aktibismoa egiten jarraitzen du. El Salvadorko hedabideekin kolaboratzen du, gizarte-erakundeetan parte hartzen du eta bizirik mantentzen du bere herrialdeak bizi duen egoeraren salaketa, baina orain zuhurtzia handiagoz egiten du, bertan daudenak arriskuan ez jartzeko. Hala ere, aitortzen du erbesteak ez diola beldurrari amaierarik ematen. Orain beldurrak beste aurpegi bat du: etorkizunari buruzko ziurgabetasunaren aurpegia du orain. Bere helburua bere bizitza berreraikitzea, ikasketekin jarraitzea eta lana aurkitzea da, baina burokraziak oztopoz beteriko lasterketa bihurtzen du bide hori. Badaki erakundeen laguntza osoa behar duela, eta ez daki programa amaitutakoan, aste gutxi barru, hori izango ote duen. “Segurtasuna eman didatela sentitzen dut, baina nire bizitza etenaldi batean dago”, laburbiltzen du.

Beldurrak ezin izan du suntsitu ni naizena
Amaia Balerdik eginiko argazkia

“Aktibista izatea bokazio bat da. Ezin diot ahotsa altxatzeari utzi han jarraitzen duten eta nik sufritu nuena jasaten ari diren trans haurren alde aritu behar dudalako”.

Aranzaren kezka bere istorioatik haratago doa. Egun El Salvadorren hazten ari diren trans neska-mutikoengan pentsatzen du, eta berak jasan zituen indarkeria askori berriro aurre egingo ote dieten beldur da. Nahiz eta internetek berak izan ez zituen erreferenteak eta informazioa eskuratzeko aukera ematen dien, osasun-protokolo espezifikorik, arreta publiko duinik edo eskubideak bermatzen dituzten politikarik ez dagoela salatzen du.

Beti emakumea zela jakin zuen neskato hari zer esango zion galdetu genionean, bere erantzunak egindako bidea agerian uzten du. “Esango nioke aurrera egiteko, egunen batean aurkituko dituela den bezalakoa onartuko duten pertsonak, eta mundua oso kontrako duenean ere inoiz ez dezala bere funtsezko izaera galdu. Izan ere, beldurrak, barrua jaten badizu ere, ez du lortu ni naizena suntsitzea”.