Castillako (Arequipa) 4 barrutitako nekazaritza…

Castillako (Arequipa) 4 barrutitako nekazaritza...

Castillako (Arequipa) 4 barrutitako nekazaritza eta abelazkuntzako ahaldundutako ekoizleek beren Elikadura-burujabetza lortzearen alde dihardute lanean

Laburpena: Proiektu horren helburua da Castillako (Arequipa) lau barrutitako nekazaritza eta abelazkuntzako ekoizleen garapen soziala eta ekonomikoa lortzen laguntzea, dituzten eskubideak baliatuta, beren lurraldeetan Elikadura-segurtasunaren eta -burujabetzaren alde lan egin dezaten, ondoren adierazten diren bideak erabilita:

a) Beren gaitasunak indartuta, generoaren arabera ezberdinak diren interesak eta beharrak kontuan hartuta, eta horiek sendotuta, tokiko gaitasunak sortuz.

b) Nekazaritza ekologikoko ekoizpena sustatuta, barietate gogorragoak sartuz, ur-baliabidearen erabileran eraginkortasuna hobetuz eta klima-aldaketaren aurka borrokatzeko estrategiak ezarriz.

c) Antolamendua indartuta, erakunde produktiboak formalizatuta eta eratuta, ekoizpenaren merkaturatzea eta erakundeen antolamendua hobetzeko.

d) Emakumeak ahaldunduta, beren eskubideak eta genero-berdintasuna erabil ditzaten, eta erabakiak hartzeko prozesuetan modu zuzenean eta eraginkorrean parte har dezaten.

Xede-biztanleria: Maila txikiko nekazaritza eta abelazkuntzako ekoizpenean lan egiten duten sektore horietako 312 ekoizlek osatzen dute zuzeneko xede-biztanleria (112 emakumek eta 200 gizonek); horien jarduera nagusia da esnetarako behiak haztea, eta familiaren auto-kontsumorako batez ere erabiltzen diren laboreak ereitea, hala nola, patata, garia, kinoa, babak eta, neurri txikiagoan, garagarra.

Zuzenean honako hauei zuzenduta daude proiektuaren ekintzak:

– 112 emakume ekoizleri eta 200 gizon ekoizleri; horietatik 30 palta-ekoizleak dira, 106 kinoa-ekoizleak eta 176 abeltzainak (ikus 11. koadroa).

– Bi emakume-erakunde produktibori: “Organización de productoras de lácteos de Pampacolca”, eta “Organización de productoras de lácteos de Tipán”.

– Bost elkarteri: Asociación de productores de tuna palta y Lúcuma de Tipán; Asociación de productores/as ganaderos/as de Viraco; Asociación de productores/as ganaderos/as de Machaguay; Asociación de productores ganaderos de Pampacolca; eta Asociación de productores/as ganaderos/as de Tipán.

– Eta bi kooperatibari: “Cooperativa Agraria de Productos Bio Orgánicos y Granos Andinos de Viraco” eta “Cooperativa de productores/as de Quinua Orgánica de Pampacolca”.

Gainera, proiektuan jasotzen diren proposamenek barruti berberetan eta inguruko haranetan bizi diren abeltzainek eta kinoa- eta palta-ekoizleek errepikatzeko aukera handia dute.Proiektuak 3.975 pertsonari eragingo diola zenbatesten da, era honetan:

– Castilla Erdialdeko Ureztatze-erabiltzaileen batzorde bat.

– Yato, Pampacolca, Viraco, Tipán, Tagre eta Machaguayko Ureztatzaileen sei batzorde.

– Barruti berberetan eta inguruko haranetan bizi diren 2.320 abeltzain, proiektuak transferitutako ezagupenak erabiliko dituztenak.

– Nekazaritzako 1.430 langile edo soldatapeko, batez ere kinoa organikoaren laborantzaren nekazaritza-jardueretan (ereintza eta uzta-bilketa) aldi baterako enplegua izango dutenak.

– Tokiko 225 merkatari eta garraiolari; produktuen bolumen handiagoak izango dituzte.

Emaitzak:

1.E.Antolatuta dauden ekoizleek handitu egingo dituzte esnetarako beren behi-taldeen produktibitatea (animali eta egun bakoitzeko 10 litroko ekoizpenetik 15 litroko ekoizpenera) eta diru-sarrerak; horrela, beren eskubide ekonomikoak ere hobetu egingo dira.

2.E.Ekoizleek hobetu egingo dituzte kinoaren eta paltaren laborantza organikorako dituzten nekazaritza ekologikoko gaitasunak eta gaitasun teknikoak, Elikadura-burujabetzarantz eta klima-aldaketaren aurkako borrokarantz bideratutako estrategiak ezarrita.

3.E.Eratutako bederatzi ekoizle-erakunde sendo, genero-berdintasuneko irizpideekin eta arauekin funtzionatzen dutenak, eta beren produktu organikoak elkarrekin prozesatu eta merkaturatzen dituztenak tokian tokiko merkatuetan.

4.E.Eskubideen ikuspegian eta genero-berdintasunean ahaldundutako Castilla probintziako lau barrutitako emakume ekoizleek erabaki-espazio publiko eta pribatuetan parte hartzen dute.

Finantzazioa:

Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentzia: 419.275,96 €
Tokiko ekarpena: 113.512,79 €
AECID: 1.042,98 €
Proiektuaren aurrekontu osoa: 533.831,74 €

Egikaritze-epealdia: 2017-2019

Harrerako erakundea: descosur (Centro de Estudios y Promoción del Desarrollo del Sur)

Proiektuaren nondik norakoak ezagutu nahi badituzu: bideoa