Donostiako Udalaren lankidetza sailaren laguntza duen eta Labore Oarsorekin batera burutzen ari garen “Donostiako eskola-jangelak elikadura burujabetzarantz” proiektuaren azken ikusentzunezkoa aurkezten dizuegu gaur.
Elikadura burujabetzaren inguruan Donostian eta inguruan lanean ari diren bi aktibistekin aritu gara solasean, argitaratu ditugun bi podcast atal ezberdinetan.
ElikaOn izena jarri diegun serie honen lehen bi atalak iVoox plataforman daude entzungai.
Lehenengoan, Donostiako Basajaun elkarteko Unax Seguesekin aritu gara.
Unax Segues herretarra, ostalaria izateaz gain, Basajaun elkarteko kide da.
Basajaun Donostia inguruan aritzen den irabazi-asmorik gabeko elkartea da, eta elikadura-burujabetza sustatzea du helburu, kapitalismoak eta elikagaien industrializazioak elikadurarekiko ezarritako zapalkuntza-ardatzei aurre egingo dieten egitura komunitarioak sortuz eta babestuz.
Elkarrizketa honetan Unaxek Basajaun egiten ari den bidea kontatzen digu eta haien ekintzaren zergatia eta helburua.
Euskal gizarteak, eskolako jangelek barne, aldatu dezakete elikadura ekoitzi, erosi, kontsumitzeko modua, eta hortik, kontsumo eredu osoa?
Guk baietz uste dugu.
Bigarren atalean, aldiz, Andoaingo Aspilla baserriko Nerea Arsuagarekin egon gara.
Amaia eta Nerea Arsuaga ahizpa andoaindarrek gurasoen Azpillaga baserriaren lanarekin jarraitzea erabaki zuten duela hamarkada bat inguru.
Eta ez zuten edozein modutan jarraitzea erabaki. Nekazaritza ekologikoa eredutzat hartzea erabaki eta ekin diote gaur arte pasa diren urte hauetan.
Haien lur saileetatik ekoizten dituzten sasoiko produktu bideragarri, ekologiko eta osasuntsuekin elikatzen dira Andoain eta Donostialdeko familia asko.
Elkarrizketa honetan Nereak argi eta garbi azaltzen digu haien jardueran dituzten balore, oinarri eta helburuak, baina baita ere egunerokoan aurkitzen dituzten zailtasun eta pozak ere.
50 bat minutuko bi elkarrizketa hauek inguruko nekazaritzak eta bertako sasoiko produktu ekologikoen ekoizpenak hala nola ekonomia sozialaren bitarteko elikadurak egunerokoan dituzten zailtasunak eta erronkak.
Gizarte bideragarri eta osasuntsu izan nahi badugu ezinbeste zaindu beharko ditugun klabe ugari ematen dizkigute Unax eta Nereak.
Entzun itzazu saioak!
