Jone Otero Martínez (Borborka) ikertzaileak Mugen Gainetik eta Baketik Fundazioarentzat “Emakumeen parte-hartzea memoriaren eraikuntzan, Euskadiko eta Guatemalako esperientziak” ikerketan idatzi duen kontakizunak Euskadiko eta Guatemalako 10 emakumek beren historia hurbilean izandako esperientzien arteko loturak bilatzen eta aurkitzen ditu.
Euskadiko eta Guatemalako hamar emakume hauek, kasu batzuetan indarkeria armatuaren biktima diren eta kasu guztietan bake-eraikitzaile direnek, memoria desberdin bat egiteko moduak aurkitzen dituzte, genero-ikuspegitik behatuta.
Oterok, gogoeta teorikotik eta hemerotekaren berrikuspenetik abiatuta, jasotako kontakizunen entzute aktibo eta sentikorrarekin jarraitzen du, hunkitzen gaituen eta norbanako eta gizarte gisa gertatu zaiguna gogoratzeko modu berriei atea irekitzen dien istorio bat ehuntzen du.
Memoria errealitate bat da, batzuetan hurbilagoa, batzuetan urrunagoa, baina sarritan, modu batean edo bestean, presente dagoena.
Argitalpen berri hau komunitate gisa markatu gaituzten uneetako protagonistetako batzuen memoriaren narratibetan barneratzen da. Markak, Elizabeth Jelin egile ospetsuak askotan erabilitako hitz hori, egon badaude eta munduko gizarte guztietan presente dauden markak dira. Eta gizarte gehien-gehienetan, memoriaren eta marka horien inguruan behar den guztia eraiki eta berreraiki ahal izateko bideak bilatzen dira.
Hori jakinda, Mugen Gainetik eta Baketik erakundeok bide bati ekitea erabaki genuen, munduaren luzezabaletara, bai Euskal Herrian bai Latinoamerikan, zenbait pertsonak baina batez ere emakume askok giza eskubideen urraketak ikusgai egiteko eta bide eta zubi berriak eraikitzeko topaketa-moduak bultzatu dituztela ezagutarazteko.
Kolonbiako Konpontzeko eta Adiskidetzeko Batzorde Nazionaleko Memoria Historikoko Taldeak La memoria histórica desde la perspectiva de género. Conceptos y herramientas ikerketan agerian jartzen duenez, genero-ikuspegitik memoria barneratzaile bat eraikitzeko ezinbestekoa da gertaera historikoek emakumeen gorputzetan eta bizitzetan utzi dituzten aztarnak biltzea ahalbidetzen duen genero-begirada bat erabiltzea eta, horrela, emakumeek bakegintzan dituzten eskubide zehatzei buruzko diskurtso bat lantzea.
Eta helburu hori ezin da lortu emakumeek gatazkaren ondorengo berreraikuntza-prozesuetan parte hartu gabe. Emakume akademikoek, baina aktibistek edo soilki bizirik dirauten emakumeek ere, beren ezagutzak eta esperientziak komunikatzeko aukera eduki behar dute gertatutakoari buruzko ikuspegi askoz ere zabalagoa eratzeko.
Ez da nahikoa iritzi publikoak jatorri politikoko gatazka armatu baten esparruan emakumeek pairatu dituzten urraketen berri izatea, haien berri izaten baldin badute.
Hildakoen edo desagertutakoen alargunen, amen, alaben edo arreben sufrimenduari buruz, nahitaezko lekualdaketei buruz, ondare-galerari eta lurralde-galerari buruz, bortxaketa eta iseka fisikoei buruz, protestatzen duten edo beren burua defendatzen duten emakumeen aurkako mehatxuei eta hilketei buruz, nahita zein halabeharrez talde armatuetako kide direnen esperientziei buruz eta hurrengo emakume-belaunaldien galerari eta isiltasunari buruz dagoen ezagutza ezin da aurkeztu testuingurutik ateratako begirada idealizatu batekin, zeinak gatazka armatuaren, generoaren eta emakumeen historien arteko harreman pasibo eta apolitiko batean oinarrituta emakumeei buruzko estereotipoak elikatzeko balio baitu eta emakumeen eta pasibotasun eta mendekotasunaren artean dagoen lotura indartzen baitu.
Beraz, emakumeen esperientziak integratzen dituen memoria bat eraikitzeko bidea ematen digun
begirada sakonago bat azpimarratuz kontatu behar ditugu gertatu diren egitateak.
Bestalde, Mugen Gainetik eta Baketik erakundeen eta geure nortasunen arteko elkarlanak Amerikan eta Euskadin errealitate eta gatazka heterogeneoei begiratzera animatzen gaitu.
Kolonbia, El Salvador, Guatemala eta Euskal Herria dira «Memoria, ikuspegi feminista lokal-global batetik, bizikidetza baketsua eraikitzeko tresna gisa» izena duen eta Lankidetza Euskal Agentziaren finantzaketari esker 2023 eta 2024ean egiten ari garen proiektuaren oinarria diren emakume aktibisten herrialdeak.
Proiektu honen esparruan, lehenago aipatu ditugun emakumeei entzuteko eta beraiek parte hartzeko premisetan oinarrituta, emakumeek gatazka-testuinguruetan daukaten zeregin aktiboa (edo, hobeto esanda, dauzkaten zeregin aktiboak) aintzatesteko eta testuinguru horietan pairatzen dituzten berariazko
indarkeriak aitortzeko bideak bilatzen ditugu, gogoeta-taldeak bultzatuz eta askotariko ahotsak eta esperientziak dituzten baina bidegabekeriei eta giza eskubideen urraketei berdin aurre egin dieten eta beste errealitate bat eraikitzeko berdin lan egin duten emakumeak bilduz.
Horrela, giza eskubideen defendatzaileak diren aktibista euskaldunak eta latinoamerikarrak ditugu, gatazken eraldaketan aktiboki inplikatuta daudenak eta beren burua aurkitzeko eta haien gizarteek jasan dituzten indarkeriak direla-eta zer zeregin bete zuten baloratzeko aukera izaten ari direnak.
Irakurketak askotarikoak izan ohi dira, Guatemalan eta Euskal Herrian, hots, hemen aurkezten ari garen argitalpenaren bi fokuetan, oso testuinguru desberdinak egon daitezkeelako. Hala ere, hurrengo orrietan beste zerbait jartzen da agerian: arretaz entzuten dugunean topaguneak sortzen direla, hurbilak eta komunak diren hautemateko moduak.
Elkarrekin dutena da emakumeen ahotsak ez direla beti entzunak izan: gatazkaren ondorengo
eraikuntzan eta berreraikuntzan ezinbesteko pertsonak eta eragileak diren arren, ez da beti sortzen emakumeek benetan parte hartu ahal izateko espaziorik, non berariazko genero-begirada sartuta dagoen.
Are gehiago, sarritan, emakumeek berek, historien protagonistek, ezin izan dute sortu ez denborarik ez tokirik hausnartzeko eta benetan aktibistak izan ote ziren edo eraikitzeko haien modua nolakoa izan zen baloratzeko. Proiektu honek haien aktibismo-dinamikak nolakoak diren ikasteko aukera ere eman digu. Aurkezten ari garen lan hau memoriaren eta gatazkaren ondorengo eraikuntzaren esparruko argitalpen
ugarietako beste bat da, giza eskubideen defentsaren alde borrokatu ziren gizarte-eragileetan,
pertsonengan, jartzen duena arreta. Mugen Gainetik eta Baketik erakundeok ziur gaude elkar entzuteko eta hitz egiteko, beren pentsamendu eta ekintzekin gaur garen gizartea eraiki duen hainbeste jenderen historiak, narratibak eta bizitzak biltzeko aukera gehiago eta gehiago bultzatzen jarraitu behar dugula.
Askotan, historia eta memoria eraikitzen eta emakumeez hitz egiten jarraitzen dugu, baina ez diegu protagonistei berei entzuten. Analisi askok rol eta leku jakin batzuetan sailkatzen dituzte emakumeak oraindik ere. Genero-begiradak mundu osoko memorien eraikuntzatik kanpo jarraitzen du. Guk hori onartu nahi dugu eta egiteke dagoen guztia ikasten joateko agertoki berriak proposatu nahi ditugu.
Bestela ezin izan zitekeenez, gure azken hitzek eta, hortaz, hitz nabarienek, argitalpen honi beren ahotsak eskaintzea erabaki duten emakume guztiei eskerrak emateko izan behar dute: elkarrizketa sakonen bidez, lan honetako protagonistek gaia hobeto ezagutzea, mezu bat egituratzea eta lan hau eraikitzea ahalbidetu digute.
Eskerrik asko Euskal Herrian, Guatemalan eta horietatik haraindi giza eskubideak defendatzen dituzten emakume guztiei, argitalpen berri honetan —hein batean bakarrik— biltzen den borroka guztiagatik.
Mugen Gainetik eta Baketik, 2024
Ikerketa hau, Eusko Jaurlaritzako Lankidetza eta Elkartasunerako Agentziaren laguntza jaso duen “Memoria, ikuspegi feminista lokal-global batetik, bizikidetza baketsua eraikitzeko tresna gisa” proiektuaren baitan buruta da, Baketik fundazioarekin elkarlanean.


