Peruko herritarren kezka nagusiak politikarien korrupzioa eta bandak kriminalen ugalketa dira inkesten arabera. Biak elkarrekin doaz. Ez da arazo berria; azkenaldian, sekulako igoera izan dute bahiketa, sikarioak, extortsioak, narkotrafikoa, hilketak… kaleetan beldur handia dago. Mafiek eta erakunde kriminalek gobernu desberdinen onarpenarekin jarduten dute, guztiak korrupzio kasuekin. Ezkerrekoak eta eskuinekoak, guztiak tentazioari men egin diote. Testuinguru honetan, Kongresuaren eta Dina Boluarte presidentearen arteko aliantzak ” GKE-ren aurkako legea” izeneko araua onartzea posible egin du. Lege hau eta Peruko egoera politikoa aztertzen ditugu Liz Melendez, Flora Tristán talde feminista peruarreko zuzendariaren laguntzarekin.

Hego Amerikako herrialde honetatik ez dira albiste asko iristen, baina jakin badakigu, haren erakundeak oso desegonkorrak direla. 2018tik, Dina Boluarte seigarren presidentea da. Bi bakarrik izan dira hauteskundeetan hautatuak eta aurreko bostek ez dute agintaldiaren amaiera ikusi. Perun, Kongresuak “gaitasun moral eza” delako araua dela medio, presidentea kargutik kentzeko ahalmena du. Eta bere kideek ahalmen hori erabiltzeko arazorik ez dute, interesak handiak direnean. Presidenteen figura oso ahula izan daiteke kongresuaren babesik gabe.
Hori izan zen Castilloren kasua. 2021ean, bigarren itzulira iristea lortu zuen Keiko Fujimoriri aurre eginez eta irabaziz. “Castillo andeetako gizona zen, quechua hiztuna, irakaskuntzaren mundutik zetorrena… eta fujimorismoari, alderdi kontserbadore eta boteretsuenari, irabazteko gai izan zen. Gizartea izugarri polarizatu zen, familiak banandu eta lagunak haserretu egin ziren… Mugimendu oso arrazista eta klasista bat sortu zen Castilloren aurka. Egia esan, oztopo ugari jarri zizkioten, oposizio oso gogorra egin zioten, baina berak ere ez zuen maila eman eta korrupzio kasuetan nahastu zen. Kongresuak, gehiengo kontserbadorearekin, kargutik bota ez zezan, estatu kolpe bat eman zuen, militarrek ez zuten babestu eta azkenik porrot egin zuen. Hor aukera handia galdu genuen”.
Horrela iritsi zen Dina Boluarte presidente izatera, Castilloren presidenteordea zelako une horretan. Lizek azaltzen digunez, Boluartek 2022an boterea hartzean, hauteskundeak deitzea espero zuten. “Etikoki egin behar zuen. Baina horren ordez, alderdia hankaz gora jarri zuen, Kongresuko fujimoristekin lagun egin eta haiekin gobernatzen hasi zen. Pertsonalki oso atsekabetuta geratu nintzen, lehen emakume presidentea zen, ezkerrekoa zela uste genuena… baina botereari eusteko oso zikin jokatu zuen “.

“Perun benetako oposizio politikoa egiten ari garenak elkarteak gara, eskubide zibilen aldeko erakundeak, feministak, ekologistak… gu bakarrik ari gara gobernuaren praktikak salatzen. Horregatik isilarazi nahi gaituzte lege honekin”.
Egoera honetan, oposizio politikoa oso gutxikoa eta oso ahulduta dagoela esaten digu Lizek. Ezkerra oso zatituta dago eta korrupzio kasu ugariz kutsatuta. Jendeak ez du politikoekiko konfidantzarik. Irudi garbia duten politikari oso gutxi daude eta presio handia jasaten dute Kongresuan, edozein modutan isilarazi nahi dituzte. “Perun benetako oposizio politikoa egiten ari garenak elkarteak gara, eskubide zibilen aldeko erakundeak, feminista, ekologistak… gu bakarrik ari gara gobernuaren praktikak salatzen. Komunikabideetan agertzen gara, mobilizazioak antolatzen ditugu eta horregatik isilarazi nahi gaituzte lege honekin”.
Lege hau onartzeko jarri duten aitzakia, erakunde zibilei kontrola jartzeko beharra da. Euren funtsak, askotan lankidetza nazioartekoetatik datozenak, modu bidezko eta legezkoan erabiltzen direla ziurtatzeko dela diote. Baina kontrol hori jada existitzen zen. APCI da erakunde hauen kontrol organoa eta bertan daudenek, euren proiektuen eta kontuen txostenak aurkeztu behar dituzte urtero. Lege hau onartu ondoren, kontrol mekanismo honen ahalmena askoz zabalagoa da. Lizek honako puntu hauek azpimarratzen ditu:
- Erakundeek ezin dute estatuaren aurka epaitegietan jarduteko lankidetza tekniko internazionaleko baliabideak erabili. Estatuak justiziaren aurrean dituen gaiak hainbat dira: 80 eta 90eko hamarkadetan izan zen gatazka armatu barnekoa, korrupzioa, Castilloren destituzioaren ondorengo protestetan izan ziren hildakoak eta 90eko hamarkadetan emakumeen aurka egindako esterilizazioak. Izan ere, lege honen sustatzailea fujimorista bat da, azken kasu honetan inplikatua, emakume indigenen aurka egindako esterilizazioetan. Horrek biktimak babesik gabe uzten ditu erabat.
- Beste puntu nabarmengarria zentsura da. Legez kanpo uzten da ordena publikoaren edo segurtasun nazionalaren aurka doan edozein jarduera, baina ez dute zehazten zein diren jarduera horiek. Guztiak sartu daitezke kategori honetan eta noski, gobernuaren aurkako protestak eta mobilizazioak. Azkenaldian mobilizazio handiak izan dira, greba nazionalak presidente desberdinen aurka, politikari klasearekin desadostasuna zela eta. Orain debekatuta daude.
- Fundazioek eta gainerako taldeek APCIren baimena behar dute edozein proiektu mota aurrera eramateko. Guztiak gobernuaren kontrol zorrotzaren menpe daude orain.
“Atsekabe handia sortzen dit demokrazia ahultzen ari dela ikustea, agintariek euren autoritarismoa inposatzen ari direla. Modu ezkutuan, baina aldi berean inongo lotsarik gabe. Eta orain askatasun handiagoarekin”.
Lege hau onartzeko orduan, Trumpen faktoreak zerikusia ba ote duen galdetu diogu Liz-i eta bere erantzuna argia da. “Trumpen faktorea erabakigarria izan da lege hau onartzeko. Haiek indartuta ikusi dute euren burua eta araua onartu dute”. Duela urtebete antzeko zerbait egiteko saiakera izan zela kontatu digu, baina nazioarteko kritikak jaso zituztela. AEBetako, Kanadako eta Europako zenbait gobernok irmoki salatu zuten askatasunen eta lankidetzaren aurkako eraso gisa eta ez zuten gauzatu. Orain Trumpekin dena aldatu da eta pauso hori eman dute. “Atsekabe handia sortzen dit demokrazia ahultzen ari dela ikustea, agintariek euren autoritarismoa inposatzen ari direla. Modu ezkutuan, baina aldi berean inongo lotsarik gabe. Eta orain askatasun handiagoarekin”.

“Mobilizazio garrantzitsuak izan diren arren, azkenik beti ahuldu dituzte. Gizartea gero eta gehiago banatzea kezkatzen dit, kaleetan aldaketa sustatzeko mugimendu handi bat sortzeko gaitasunik ez izatea. Hala ere, demokraziaren alde herritarrek duten konpromezua oso indartsua da eta egoera honen amaieran erabakigarria izango da”.
Hauteskunde orokorrak 2026an izango dira.
Politika panorama aldatu daiteke, izan ere, azken inkesten arabera, Dina Boluarteren balorazioa %2koa da herritarren artean. Lizek uste du presidente eta Kongresuaren arteko aliantza hau apurtzen denean, lege hau ere baliogabetuko dela. “Uste dut amaiera politikaren bitartez iritsiko dela. Agian mobilizazio masibo bat sortzea ez dugu lortuko, baina erakundeok, oztopoak gorabehera, autoritarismoen aurkako begirada kritikoa mantentzen jarraituko dugu. Egun batzuetan baikor nago, beste batzuetan buru makur, baina ez dugu amore emango… ea zer gertatzen den”.
