MARTXOAREN 8A GERTU DUGU ETA EL SALVADORREKO EMAKUMEEN EGOERAN JARRI NAHI IZAN DUGU ARRETA. BUKELEREN HERRIALDEAN MAREROEZ ASKO HITZ EGITEN DA, BAINA GUTXI EMAKUMEEZ. EGOERA DRAMATIKOA DEN ARREN, EZ DA LEHENTASUNEZKO GAIA. HONETAZ HITZ EGIN DUGU MORENA HERRERAREKIN. ERREALITATE HAU OSO ONDO EZAGUTZEN DU, BIZITZA OSOA DARAMA HONEN AURKA BORROKAN. AMERIKA ERDIALDEKO HERRIALDE HONETAKO FEMINISTA EZAGUNENETAKO BAT DA.

Morena naturaz da gerlaria. DNA-n darama. Gerrillan borrokatu zen Frente Farabundo Martí de Liberación Nacional (FMNL) erakundean, El Salvadorreko lehen talde feministetako bat sortzen parte hartu zuen, abortuaren kriminalizazioaren aurka gogor borrokatu du… eta berak dioen bezala: “Errealitatea oso burugogorra da, eta ez dago besterik: borrokatu egin behar da”.
“Gerrillan konturatu ginen gu ere borrokatzen baginen ere, gure iritziek gizonezkoenak baino gutxiago balio zutela”
El Salvadorreko borroka feministaren lehen urratsak gerra amaierako urteetan eman zirela azaltzen digu Morenak, 80ko hamarkadaren amaieran eta 90ekoaren hasieran. “Gerran bertan jada, gustuko ez genituen jarrerak ikusten genituen. Gogoratzen dut hiru gerrillariek emakume bat bortxatu zutela. Bortxatzaileak epaitu zituzten, baina emakumea ‘probokazioagatik’ epaitu zuten. Sinestezina iruditu zitzaidan. Injustizia salatzera joan nintzen, eta isilarazi egin ninduten”.
Morenak beste kasu bat ere gogoratzen du, gerrillari batek emakume bat etengabe jazartzen zuen. Salatu zuen goi-agintarien aurrean, baina ez zuten neurririk hartu. “Jostunak bezala geratu ziren, neurria hartzen, baina ez zuten ezer egin. Eta horrelako asko”.
Gerraren amaieran, negoziazio garaietan, are okerragoa izan zen. Morena eta bere kideak gizonentzat inolako baliorik ez zutela konturatu ziren. Arma eskuan zutela borrokatu zuten, haiekin batera, baina haien iritziak ez ziren kontuan hartzen. Hori kolpe handia izan zen beraientzat. Errealitate horren aurrean, bakea sinatu baino bi urte lehenago, 1990ean, emakumeentzat bakarrik izango zen bilera bat antolatu zuten, emakume izatearen esperientziaz hitz egiteko. “Presio-ontzi bat irekitzea bezalakoa izan zen. Gertatutakoak kontatzen hasi ginen, injustiziak… egun oso bat eman genuen gaiaz hitz egiten eta hausnartzen. Hortxe hasi zen dena”.

”El Salvadorren haurdun geratutako nerabe askok beren buruaz beste egiten dute. Baina horretaz ez du inork hitz egiten, guztia isilarazten da, lotsagatik”
35 urte igaro dira. Morenak eta bere kideek elkarteak sortu dituzte, gogor borrokatu dute, mehatxuak jasan dituzte… eta garaipen batzuk ere lortu dituzte, baina emakumeen egoera El Salvadorren oraindik ere dramatikoa da. “Azken inkesta baten arabera, hiru emakumetatik bik indarkeria sexuala jasan dugu. Baina horretaz ez da hitz egiten, instituzioei ez zaie axola, ez dute arazo gisa ikusten. Horrek emakumeek gizarte honetan dugun balioa erakusten du”.
Beste datu beldurgarri bat: haurdun geratutako nerabeen suizidioak. El Salvadorren, kopurua izugarria da. “Osasun ministerioko datuak aztertzeko baimena lortu genuen. Nerabe ahurdunen heriotza txosten asko ikusi genituen, eta horietan gehienek heriotzaren arrazoia ‘intoxikazioa’ zutela idatzita. Galdetu genuenean, suizidioak zirela jakin genuen: neska gazteek ez dute arma zuri edo su-armarekin egiten, produktu toxikoak irentsiz baizik, hala nola intsektizidak”.
Hau tragedia isilarazia da, inork ez du horretaz hitz egiten. Ezta familiek ere, lotsagatik. Eta nerabe hauek guztiz babesik gabe daude.
El Salvadorren abortua guztiz debekatuta dago. 1997tik aurrera debekua erabatekoa da, emakumearen bizitza arriskuan badago ere. Debekatua eta jazarria dago. Ospitale publikoetan salatu egin behar dute, eta hala egiten ez badute, konplizetzat jotzen dituzte eta zigortu egiten dituzte.
“30, 40 eta 50 urteko espetxe-zigorrak jasan dituzten emakumeen kasu oso tristeak ezagutu ditut. Abortua leporatzen zieten, baina hori frogatu ezin zutenean, hilketa larriagotuagatik zigortzen zituzten. Guztiak pobreak ziren. Ospitaleko oheetan kateatzen zituzten, gaizkile arriskutsuak balira bezala.”
Morenak eta bere kideek urteetan zehar borrokatu dute emakumeak espetxetik ateratzeko. 2006tik 2023ra bitartean, abortuaren penalizazio absolutuagatik zigortutako emakume asko askatu dituzte. Lehen kasua Karinarena izan zen. New York Times-eko kazetari batek bere kasua ezagutarazi zien, “30 urteko espetxe zigorra zuen emakume baten kasua aztertzen ari zela esan zigun. Jakin genuenean, ez genuen sinisten. Pentsatzen genuen zigorrik handiena 8 urtekoa zela, baina emakumeak hilketa larriagotuagatik zigortzen ari ziren. Karinaren kasuan beste 22 urte gehiago izan ziren. Errealitate hau ezezaguna zen denentzat.”
Lau urteko borrokaren ondoren, oztopo guztiei aurre eginez, abortuaren apologiagatik zigortuak izateko mehatxuak barne, Karinaren espedientea berrikustea lortu zuten eta kartzelatik ateratzea ere bai. Berdina egin zuten beste emakume askorekin, egoera berean zeuden asko aurkitu baitzituzten.

“Oso tristeak diren kasuak ezagutu ditut, 30, 40 eta baita 50 urteko kartzela-zigorra jaso duten emakumeenak, guztiak pobreak. Niretzat kasurik dramatikoena Imeldarena izan zen. 18 urte zituen eta bere aitatsak bortxatu egiten zuen. Haurdun zegoela ez zekien, etxeko komunean erditu zuen arte. Ospitalera eraman zuten, eta han ohean kateatu zuten. Haurrak biziraun zuen, baina bera hilketa-saiakeragatik zigortu zuten.”
Morenak eta bere kideek, Giza Eskubideen Amerikarteko Auzitegiaren epai batek El Salvadorreko gobernua protokolo bat ezartzera behartzea lortu zuten, ospitaleek sekretu profesionala bermatu zezaten eta gertakari horiek salatzera behartuta ez egoteko. Hala ere, Bukelek 2022ko martxotik ezarri duen salbuespen egoerarekin, salaketak berriro bueltatu dira.
Bukele, Trump… eskuinaren aurrerapena kezka iturria da. Morenak, ordea, erronka bat bezala ikusten du, izan ere, bere aktibismo urteetan zehar, zailtasunak beti ugariak izan dira. Trabak eta oztopoak etengabeak dira bide honetan, baina lortutako garaipenek borrokatzen jarraitzeko ilusioa bizirik mantentzen dute.

“Etorkizunaz baikor naiz, baina borrokan jarraitu behar dugu. Emakume bat ere ez da erabat aske izango, munduko edozein txokotan beste emakume batzuk menpean dauden bitartean.”
El Salvadorren legeek eta instituzioek ez dute laguntzen, baina Morenaren ustez gizartean aldaketak egon dira. Kontzientziazioa da lortu den gauza garrantzitsuena. “Ama askok ez dute nahi haien alabak, haiek bizi izan dutenaren antzekoa bizitzea. Natural bezela ikusten den indarkeria gelditzen ari dira. Nire alabak, nire bilobak… ez dute menpeko tratua onartzen. Horregatik, baikor nago. Eta borroka jarraitzen du, argi izan behar dugu: Emakume bat ere ez da erabat aske izango, munduko edozein txokotan beste emakume batzuk menpean dauden bitartean.”
